XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta orduantxe ulertu nuen Bongaren arazoa konprenitzeko bigarren urratsa nuela emana eta poztu egin nintzen horregatik, baita ere gorroto eta beldurra bakardadean nozitzeko aukera hartua izanagatik.

Eta gizakiaren siratsa menperatzen duten gizakiak, gizakiaren ahulezia gainditzeko gai direla ulertu nuen.

Eta Bonga menperatzeko horietako bat izan behar nuela etorri zitzaidan burura, hodeietan zehar filtratzen ziren ilargi izpiak bezain argiro.

Baina gorrotoaz eta beldurraz jabetu beharraren kontzientziak ez zituen beraiek ezabatu, eta gogorki ikutu ninduten ariman, eta bortizki jasan behar izan nuen haien eragina.

Eta alde batetik bestera ibiltzeaz nekatu nintzenean, hutsik zegoen txabola batean sartu, eta iluntasunaren erdian eskua zoluan apoiatzera joan nintzenean, min zorrotza nabaritu eta odola jarioka hasi zen eskutik.

Eta txabola beira zatiz beterik zegoela konturatu nintzen, haien artean whisky botila huts batzuk ere oraindik ikus zitezkeelarik, eta berriro nazkatu nintzen, neure baldarkeriaz, eta berriro sentitu nuen gorrotoa, orain neure buruarekikoa.

Eta une hartan azken mailaraino heldua nintzela somatu nuen, zeren ez baitago gorroto sakonagoarik nork bere buruarekiko sentitzen duena baino.

Txabola barruan eserita, gorputzari eskuko zauriak eta gaueko hotzak, hala-nola arimari gorrotoak eta beldurrak sentierazitako mina nozitzea baino ez nuen beste zeregin hoberik kausitu.

Eta une hartan, neure gorputz eta arimaren bakardade osoan, kaltegarri eritzi nion bata zein bestearen etsai bihurtzeari.

Horregatik nozitu egin nuen mina, pozez nozitu ere, gorputz eta arimari uko egin gabe.

Eta mina desagertu zenean, uste dut lo gelditu nintzela.